XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Donostiako 59. Hamabostaldia

Hiru tenoreenaren aldean beste muturrean daude nirea bezalako kontzertuak

Lluis Claret txelo jole garrantzitsuak Bachen garaikidetasuna nabarmendu du

Andorran jaioa; Pau Casals Kataluniak eman duen biolontxelo jole ospetsuenetakoaren oinordekotzat hartua, nazioarteko hainbat eskola eta jaialditan zaildua... Lluis Claret Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan aritu zen atzo, eta Bachen suiteak XX. mendeko konpositore klasiko biren lanekin nahastu zituen. Ez omen da harritzekoa, garai guztietan eroso sentitzen den bakarlari horri entzunda bederen.

JOHANN SEBASTIAN BACH asko miresten duen gizona dugu Lluis Claret. Ez du arrazoi faltarik. Biolontxelo jolea da, eta Barroko garaiko konpositore handiak berak ogibide bilakatu duen tresnarentzako 6 suite ondu zituen.

Mende bereizietan jaio izan arren, tresnarekiko grinak batzen ditu biak.

Irakurketa barrokoa zein modernoa egin dakioke Bachi. Konpositore erromantikoekin bezain egoki ezkon daiteke modernoekin. Askatasun handiko hizkuntza erabiltzen du, garai konkretuen mugak gaindituz. Haren garaiko askok ez dute bide aniztasun hori uzten

Bachen lanek uzten duten askatasun hori erabiltzeko gogoz agertu zen atzo Claret.

Barrokoan dituen erroak erabat ahanztea ia ezinezkoa zaidan arren, irakurketa modernoagoa egin nahi diot gaurko kontzertuan, esan zuen atzo ematekoa zen kontzertuaren atarian. Horretarako, Bachen 1. eta 3. suiteak sartu zituen bere kontzertu egitarauan.

Bachekin batera, George Crumben Biolontxelo bakarrarentzako Sonata eta Joan Guinjoanen Elegia (Monodia) interpretatuko ditu andorrarrak.

Guinjoanen lana oso espresionista da, beroa eta maitakorra, bere abstrakzio garaitik urrun. Crumbena klasiko bilakatua da jada mende honetan zehar

Hiru tenoreengandik urrun. Interpretatuko zuen programa ongi orekatua zela uste izan arren, Clareten arabera denok dakigu biolontxelo bakarraren kontzertua printzipioz ez dela multzo handiak erakartzeko modukoa. Hiru tenoreen saioen aldean beste muturrean daude nirea bezalako kontzertuak. Areto musikaren mamia halakoxea da, askoz ere barnekoagoa eta soilagoa

Ildo horretatik, musika jaialdiek areto musikari eta interprete gazteei leku gehiago eman beharko lieketela nabarmendu zuen. Horrexegatik, Hamabostaldiak hartu duen bidea egokia iruditzen zait.

Biolontxeloak mundu osoan gero eta ikasle gehiago dituela azaldu zuen, baina horrek alde onak eta txarrak ditu, gero eta aukera gutxiago baitago txeloa joz orkestraren batean lantokia lortzeko

Bere kasuan zorionekoa izan dela esanez amaitu zuen. Oso irakasle onak izan ditut, sari handiak irabazi ditut eta egunero zerbait ikasteko aukera dut

egitaraua

abuztuak 20, osteguna: 19:30: Aquiles Machado (Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan)

20:00: Isabel Alvarez, Itziar Atutxa, Loreto eta Loreto F. Imaz (Elizbarrutiko museoan)